Herrigunea eta mendia txukun mantentzeko helburuarekin, auzolan deialdia egin du Ataungo Udalak urtarrilaren 25erako. Azken urteetan lan ugari egin da herriko txoko ezberdinak eta mendiko zenbait gune abandonatu garbitu ahal izateko, eta herritarren parte-hartze horri heldu nahi dio beste behin ere Udalak. Honela antolatu dute hilabeteko azken larunbaterako deialdia:
- 08:30ean San Martin auzoko plazan: Alde batetik, Olata bidea txukuntzeko lanak egingo dira. Bestetik, Arratetako hondakindegia leheneratuko da, erreka inguruan zabor ugari bai dago pilatuta.
- 09:00etan San Gregorio auzoko plazan: Zabor jasotze, ubide garbiketa, kimaketa eta txukunketa lanak egingo dira auzoan bertan.
- 09:00etan San Martin auzoko plazan: Haurrentzat pentsaturiko jardunaldi honetan, San Gregoriora bidean, zumar espezie berezi baten landareak sartuko dira.
Jardunaldi hauetan parte-hartu ahal izateko eta egunean bertan egingo den hamaiketakoa antolatzeko, ohiko inprimakia bete beharko da.