Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko, Biboletak, Ataungo Talde Feministak, elkarretaratzea egingo du gaur arratsaldean San Martin auzoko plazan, 18:30ean. Deialdia Irunen gertatutako azken hilketa matxistaren harira egin dute, 2025a hasi zenetik Euskal Herrian erregistratu den bigarren erailketa bai da.
Otsailaren 4an, Irunen, 47 urteko gizon batek bere ama sastakatu zuen, eta emakumea ordu batzuk geroago hil zen jasotako zauri larrien ondorioz. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak dagoeneko aktibatu du erailketen aurkako protokoloa, urte berria hasi zenetik bigarren aldiz.
Biboletak taldeak nabarmendu du ezinbestekoa dela indarkeria matxistaren aurrean gizarte osoak jarrera irmoa hartzea. Hori dela eta, herritarrak batu daitezen eskatu dute, elkarretaratzean erantzun kolektiboa emateko. Euskal Herrian emakumeen aurkako indarkeria gelditzeko borrokak ez du etenik, eta kasu bakoitzaren aurrean kalean salaketa egitea funtsezkoa dela azpimarratu dute.