Joan den astean Ataungo bost odol emailek aitortza berezia jaso zuten urteetan zehar egin duten ekarpen solidarioagatik. Irati Arratibel, Jaione Urkiola, Eider Goikoetxea eta Ainara Gorostizu zilarrezko dominaz saritu zituzten 25 odol-emate betetzeagatik, eta Joxe Begiristain omendu zuten Odol Emaile Handiaren oroigarriarekin, 75 odol-emate egin dituelako.
Ekitaldia joan den ostegunean egin zen udaletxean, eta omendutakoak Odol-emaileen elkarteko Jose Luis Gorostizurekin agertu ziren oroigarrien banaketan. Odol-emateek duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuten ekitaldian, eta Ataungo emaileen konpromisoa goraipatu zuten. «Zuen ekarpenari esker, odolak behar dutenengana iristen jarraituko du», nabarmendu zuten.
Hurrengo odol-emate eguna, otsailaren 20an
Odola emateko aukera izango da berriz ostegun honetan, otsailaren 20an, ohi bezala, Joxemiel Barandiaran eskolan. Antolatzaileek herritarrak parte hartzera animatu dituzte, «odola ematea bizitza ematea da» mezuarekin.