Euskal Y lotzeko Espainiako Gobernuaren proiektuetako batean, Aralarko mendatea gurutzatzea da asmoetako bat eta horretarako Ataun, Idiazabal, Olaberria, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsaso zeharkatuko lituzke honek lurpetik. Pasaden astean egin zituzten lehen zundaketa lanak Goierrin, Ataunen, nahiz eta Aralarren maiatzean hasi zituzten.
Lauztierrekan, Lauztiberri eta Telletxe baserrien artean egin zituzten lehen lanak pasaden astean enpresa batek Espainiako Gobernuaren esleipenarekin. Maizkoko bideko zubiaren ondoan egin zuten zundaketa hau, baina udalak ez zuen honetarako baimenik eman eta beraz, kargu hartu ostean, alde batera utzi behar izan dituzte lanak.
Udalak dio «sorpresaz» hartu dituztela lehen lan hauek. Maiatzaren ardi aldera «herri lur batzuetan zulaketak egiteko informazioa» jaso. Ez zuten datu askorik esku artean eta informazio gehiago jasotzeko eskaera bidali zuten bueltan. Espainiako Gobernuaren enpresa esleipendunak baratze baten erdian egin asmo zituen lehen lanak, baina jabearen ahozko lehen ukapen eta bigarren baimenarekin, bertatik hamar bat metro ingurura aldatu zuten zundaketa tokia itxura denez. Jabeak «lurra espropiatzeko ohartarazpena» egin izana salatu zuen.
Udalak lan hauen berri izan orduko, bertaratu eta gelditzeko agindua eman zuen. Sei metro inguruko sakonerako zuloa egin zuten ordurako ordea eta behar zuten material erauzketa egina zuten. Udalaren arabera gisa honetako lanak edo jarduera arkeologikoak egiteko, nahitaezkoa da udal baimena izatea Hiri Antolamenduko Arauek jasotzen dutenez eta beraz, bertan behera uztera zeuden behartuak, nahiz eta baimena modu ofizialean eskatuko duten promesa egin zuten.