Ataungo Udalak saio ireki berri bat antolatu du datorren ostegunerako, otsailaren 27rako, Herri Erronkak eta Nagusiak uztartuko dituen prozesuaren baitan. Udaletxean izango da hitzordua, eta etorkizuneko nagusien beharrak, aukerak eta erronkak hausnartzea izango du helburu.
Oraingoan, esperientzia inspiragarriak ezagutzeko aukera eskainiko da, Maitelan (Hernani), Erlauntza (Donostia) eta Txirikorda (Usurbil) bezalako kooperatiba eta taldeen eskutik. Saioan, gaur egungo zahartze-prozesuak dakartzan erronka desberdinei aurre egiteko abian jarritako esperientzia publiko eta komunitario berritzaileak aurkeztuko dira.
Ataungo Udalak herritarrei dei egin die saioan parte hartzera. Udaletik adierazi dutenez: «Saio hau aukera paregabea da gure herrian etorkizuneko erronkei erantzuteko proiektu berritzaileak ezagutzeko eta elkarlanaren bidez irtenbideak lantzeko».
Saioak ateak zabalik izango ditu herritar guztientzat, eta Ataungo komunitate osoa gonbidatu dute hausnarketa prozesu honetan aktiboki parte hartzera.