Ataungo Udalak adinekoak eta herriaren etorkizuneko erronkak erdigunean jarriko dituen hitzaldi bat antolatu du datorren asteazkenerako, otsailaren 19rako. Hitzordua 18:00etan izango da Udaletxeko ganbaran, eta adinekoen beharrei eta aukerei buruzko hausnarketa prozesu baten parte izango da.
Hitzaldian, etorkizuneko zahartze-erronkez eta aukerez hausnartuko da, udazkenean abiatu zen proiektuaren baitan bildutako datu eta ondorio nagusiak aurkeztuta. Prozesu horretan, herriko hainbat adinekok parte hartu dute, elkarrizketa eta galdetegi bidez euren beharrak, iritziak eta kezkak azaleratuz.
Gerontologiari buruzko aditu baten parte-hartzea
Hitzaldian parte hartuko duen hizlarietako bat Javier Yanguas Lezaun izango da, psikologian doktorea, gerontologoa eta La Caixa Fundazioaren adinekoen programako zuzendari zientifikoa. Yanguasek zahartzaro berriaren inguruko gakoak eskainiko ditu, gaur egungo gizartean zahartzearen erronkei heltzeko beharrezko tresnak eta ikuspegia azalduz.
Adinekoen bizi-kalitatea bermatzea eta haien parte-hartze aktiboa sustatzea izango dira hitzaldiaren ardatz nagusietako batzuk. Horretarako, Aztiker ikerketa taldeak aurkeztuko ditu Ataunen udazkenean egindako galdetegien eta elkarrizketen emaitzak. Emaitza horiek abiapuntu izango dira herriko adinekoek dituzten kezkak eta etorkizuneko behar posibleak identifikatzeko.
Herriaren etorkizuna, guztion artean
Udalaren arabera, hitzaldi hau adinekoen ongizatea bermatuko duen udal estrategia bat lantzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Helburua ez da soilik datuak partekatzea, baizik eta herritarren parte-hartzea sustatzea eta zahartzaroari buruzko hausnarketa kolektibo bat piztea. Hitzaldira bertaratzeko gonbidapena herritar guztiei zabaldu zaie.
- Lekua: Ataungo Udaletxeko ganbara
- Eguna: Otsailaren 19a, asteazkena
- Ordua: 18:00
Herritarrak animatu dituzte bertaratzera, adinekoen beharretara egokitutako herri bat eraikitzeko prozesuan parte har dezaten.