Leeds Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketa berri batek otsoak Eskoziako Lur Garaietara berriz sartzea klimaren aldaketaren aurkako borrokan lagungarria izan daitekeela ondorioztatu du. Basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatzeko duten gaitasuna berreskuratuko litzateke, eta horrek klima-larrialdiari aurre egiteko bidea zabalduko luke.
Azterketaren arduradunek «otso bakoitzak klimaren konponbideetan zenbat diru aurrezten lagunduko lukeen» kalkulatzeko eredu konputazional aitzindariak erabili dituzte. «Otsoak orain dela 250 urte desagertu ziren Eskoziako Lur Garaietan, eta horren ondorioz orein-populazioa kontrolik gabe hazi da», azaldu dute. Gaur egun, 400.000 orein daudela kalkulatu dute, eta hauek direla zuhaitz berrien hazkundea oztopatu eta basoen desagereraren erantzule nagusiak.
Ikertzaileen arabera, 140 eta 190 otso artean sartuko balira, orein-populazioa orekatuko litzateke eta basoak hazteko aukera izango lukete. «Baso horiek urtean milioi bat tona karbono-dioxido xurgatuko lukete, hau da, Erresuma Batuak 2050erako aurreikusitako karbono-jaitsieraren %5», nabarmendu dute.
Azterketa Ecological Solutions and Evidence aldizkarian argitaratu dute, eta bertan klimaren eta biodibertsitatearen krisiak modu bateratuan jorratu behar direla azpimarratu dute. «Ez da posible bi krisi horiek bananduta ulertzea; eraginkorrak eta onuragarriak izango diren irtenbide integralak behar ditugu», adierazi dute.
Horrez gain, ikerketan ekoturismoaren sustapena, oreinek eragindako trafiko-istripuen jaitsiera eta Lyme gaitzaren kontrola bezalako onura gehigarriak aipatu dituzte.
Hala ere, ikertzaileek onartu dute proposamenak ez dituela denak konbentzituko. «Badakigu ideia honek kontrako iritziak piztuko dituela, Europan otsoaren babes-mailari buruzko eztabaida oso bizia baita», aitortu dute.