Ataungo Udalak hainbat informazio-taula edo panel berritu ditu herrian, udal komunikazioa hobetzeko eta espazio publikoaren erabilera antolatzeko asmoz. Berrikuntza honekin batera, erabilera-arau zehatz batzuk ere proposatu ditu udalak herritarrei zuzenduta.
Taula berriak, informazioa ordenatzeko
Informazio panel berrituak herriko zenbait puntu estrategikotan kokatu dituzte, udaleko komunikazio ofizialak eta herritarren jakinarazpenak argi bereizteko asmoz. Udalaren asmoa, «herritarrek informazio garrantzitsua modu argi eta garbian jasotzea» dela azpimrratu du.
Horrela, hemendik aurrera paneletako ezkerreko zatia Ataungo Udalak bakarrik erabiliko du, bere oharrak eta jakinarazpen ofizialak zabaltzeko. Bestalde, panel horietako beste espazioak herriko entitate eta elkarteentzat irekita jarraituko du.
Kultur informazioarentzat lehentasunezko lekua
Era berean, Ataungo Herriko erreferentziazko puntu batean, udalaren helburua informazio kulturala sustatzea izango da. Udaletxe inguruko panela, herriko kultur agenda zabaltzeko erabiliko da soilik, bestelako edukirik gabe, argitasuna eta ordena mantentzeko.
Errespetua eta lankidetza, giltzarri
Ataungo Udalak herritar eta elkarte guztien elkarlana eskatu du paneletako arau berriak betetzeko. «Helburua ez da beste inor baztertzea, ordena eta errespetua sustatzea baizik», nabarmendu du udalak.
Gainera, udal ordezkariek gogorarazi dute ezinbestekoa dela informazio taulak behar bezala erabiltzea, horretarako gomendio batzuk emanez. Besteak beste, udalaz kanpoko erakundeek eta herritarrek euren informazioa argitaratzean, garrantzitsua da beste oharrei lekua errespetatzea eta erabilera-arauei kasu egitea.
Horretarako, udal gobernuak herritar guztien kolaborazioa eskatu du, «denon artean espazio publiko ordenatu eta txukunago bat» lortzeko asmoz.