Ataungo pilotariak, Jon Ander Albisuk, kontratua beste urte eta erdirako luzatu duela jakinarazi du Baiko Pilota enpresak. Albisu pozik eta eskertuta agertu da jasotako konfiantzarekin, eta profesional gisa bide luzea egiteko asmoa erakutsi du.
«Joko momentu onean nago, eta hurrengo urte eta erdian ere ildo beretik jarraitzea espero dut», adierazi du Albisuk kontratuaren luzapena iragartzerakoan.
14 urte profesionaletan
Jon Ander Albisuk profesionaletan debuta egin zuen 2010eko uztailaren 3an, Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta ordutik Baiko Pilota enpresaren eskutik aritu da maila gorenean. Atzelari ataundarrak laster 35 urte beteko ditu, maiatzaren 6an, eta profesional moduan pilatutako eskarmentua enpresarentzat balio handikoa dela berretsi dute Baikoko arduradunek.
Binakako txapelketa buruan
Albistea Binakako Txapelketako azken fasearen atarian eman du pilotari gipuzkoarrak. Horregatik, bere asmoa argia da: datozen hilabeteetan lehiaketan mailarik altuena ematen jarraitzea eta bere taldeari emaitza onak ekartzea. «Inoiz baino gogotsuago nago pilotalekura ateratzeko», esan du Albisuk.
Era berean, Baiko Pilota enpresak pilotariaren dedikazioa eta lan egiteko modua goraipatu ditu, eta kontratu berritze hau elkarren arteko konfiantzaren isla dela azpimarratu dute.