Ataungo Udalak maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Aurten ere euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenean izena emateko epea irekita dago dagoeneko.
Udalaren esanetan, «herrian euskararen erabilerak beherakada izan duela somatu dugun honetan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial honi eutsi eta denon artean lan egitea». Zentzu horretan, udal ordezkariek herritar guztiak gonbidatu dituzte Euskaraldiarekin bat egin eta aktiboki parte hartzera.
Non jaso dezakegu izena emateko laguntza Ataunen?
Parte hartzeko interesa duten herritarrek, izenematea.euskaraldia.eus webgunean izena eman dezakete dagoeneko. Era berean, laguntza behar dutenentzat aurrez aurreko hitzordu bereziak antolatu dira herriko hainbat gunetan:
- Liburutegian: astelehenetik ostiralera, 17:00-19:00 bitartean.
- Eskola atarian: martxoaren 19an, 16:00-17:00 artean.
- Aian, Haitzarri Elkartean: martxoaren 22an, 11:30-12:30 bitartean.
- San Martingo Plazan: martxoaren 23an, 12:00-13:00 bitartean.
- San Gregorion, Sutegi aurrean: martxoaren 23an, 12:00-13:00 bitartean.
Hitzordu hauetan, Euskaraldian parte hartzeko beharrezkoa den izen-ematea egiteko laguntza eskainiko da.
Euskararen aldeko apustua
Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, eta udal ordezkarien esanetan, «euskarari bultzada emateko aukera paregabea da». Horregatik, ahobizi eta belarriprest rolak aukeratuz, «egunerokotasunean hizkuntza ohitura txikiak aldatuta, denon artean urrats handiagoak eman ditzakegu euskararen erabilera handitzeko».
Ataungo Udalak nabarmendu duenez, ariketa honetan parte hartzea ezinbestekoa da euskarak herrian duen presentzia eta erabilera sendotzeko, «herri mailan dugun erronka kolektiboa baita». Herritarrak animatu nahi dituzte izena ematera eta «denon artean hizkuntza-ohituretan aldaketa positiboak lortzera».