Ataungo Udalak ohar baten bidez salatu ditu asteburuan herrian izandako gertakari desatseginak. Larunbatetik iganderako gauean izandako hainbat ekintza aipatu ditu Udalak, hala nola, espaloietako loreontziak errepidera ateratzea, Sasieta Mankomunitatearekin batera egiten ari diren ‘Garbi jokatu’ kanpainako panel bat errekan agertzea, pintadak egitea eta liskarrak sortzea. Gertakari hauek “guztiz onartezinak” direla nabarmendu du Udalak.
Bizikidetza kaltetuta
Udalaren arabera, ekintza horiek “nabarmen kaltetzen dute ataundarren arteko bizikidetza” eta argi utzi dute “ez dutela lekurik ez herrian, ez beste inon”. Horregatik, horrelako jarrerak errepikatu ez daitezen, neurri guztiak hartuko dituztela azaldu dute.
“Festan ibiltzen ez badakizu, geratu mesedez etxean” adierazi du Ataungo Udalak, herriko giroa eta elkarbizitza mantentzeko ardura guztiona dela azpimarratuz.
Ateak zabalik herritarrentzat
Era berean, Ataungo Udalak gogorarazi nahi izan du udaleko ateak “beti zabalik” dituztela herritarrentzat. Eskariak aurkezteko, proposamenak egiteko edota kritikak helarazteko aukera dutela adierazi dute, betiere “errespetuz” egiten badira.
Azkenik, bizikidetza ona mantentzeko konpromisoa eta elkarlana eskatu die herritar guztiei Udalak, “guztion erantzukizuna” dela gogoraraziz.