Suitzako IMD negozio eskolak lehenengo aldiz turismoaren sektoreari buruz argitaratu duen txosten baten arabera, Inteligentzia Artifizial sortzailea bidaien industrian giltzarri izango da datozen urteetan. Horrez gain, pertsonalizatutako esperientzien bilaketa, turismo arduratsua eta negozio bidaiak aisiarekin uztartzeko aukera ere etorkizuneko joera nagusiak izango dira.
Sektorearen egokitzapena, ezinbestekoa
Bildutako datuen azterketak argi erakutsi du turismo-sektoreko enpresek aldaketetara moldatu beharra dutela. Praktika jasangarriak barneratu, Inteligentzia Artifiziala eskala handian erabili bidaia oso pertsonalizatuak eta bakarrak eskaintzeko, eta bidaiari bakartiei arreta berezia eskaintzea ezinbestekotzat jotzen ditu txostenak.
Enpresen gaitasuna aztergai
IMDk egindako ikerketa honek bidaien sektoreko 33 enpresa nagusien gaitasuna neurtu du, merkatuaren aldaketetara eta etorkizuneko erronketara moldatzeko duten ahalmena aztertuz. Azterketa horretan, besteak beste, online bidaia-agentziak, hotelak, ostalaritzako konpainiak, airelineak eta itsaso-bidaia enpresak hartu dira kontuan.
Booking, Airbnb eta Marriot liderrak
Rankingean lehenengo postuak Booking Holding, Airbnb eta Marriot enpresek bete dituzte. Izan ere, txostenaren arabera, horiek izan dira Inteligentzia Artifiziala eta datuen analisia «ezkutuko ahalbidetzaile» modura integratzeko gaitasun handiena erakutsi dutenak, zerbitzu pertsonalizatua ordezkatu gabe, baina nabarmen hobetuz.
Finantza-osasun sendoa, berrikuntzaren oinarria
Analisiaren alderdi finantzarioan, kutxa-fluxu sendo bat ezinbesteko oinarria dela azpimarratu dute, horrek berrikuntza iraunkorra ahalbidetzen duelako. Izan ere, finantza-osasun sendoak teknologiatan inbertsioak egitea errazten du, eta teknologiok frogatu dute bideragarriak direla eta benetako abantaila konparatiboak eskaintzen dituztela.
Howard Yu, IMDko Etorkizunerako Prestakuntza Zentroko zuzendariak, honakoa adierazi du: «Inteligentzia Artifizialak gidatutako disrupzio-ingurune honetan, bezeroaren fidelizazioak funtsezko zeregina beteko du, bezeroak erreserba automatizatuen testuinguruan enpresa batera zuzenean itzul daitezen lortzea ezinbestekoa izango baita enpresen arrakastarako».
AEBtako enpresen nagusitasuna
Rankingean argi geratu da Estatu Batuetako enpresen nagusitasuna; izan ere, lehen hamar enpresen artean zortzi estatubatuarrak dira. Lehen hirurei (Booking, Airbnb eta Marriot) jarraituz, Hilton (5), Expedia (6), Delta Airlines (7), Royal Caribbean (8) eta Carnival (9) agertzen dira.
Hamar lehenen artean, Estatu Batuetatik kanpoko bi enpresa baino ez dira sartu: Txinako Trip.com laugarren postuan eta Irlandako Ryanair hamargarrenean. Bestalde, hamaikagarren tokian, IAG holdinga dago, Iberia eta British Airways airelineak barne hartzen dituena.