Ikama ikasle antolakundeak deituta, gaur, martxoaren 20an, Euskal Herriko ikasleek kaleak hartuko dituzte «Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatzeko». Greba deialdia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago, eta mobilizazio nagusia Donostian izango da.
Donostiako manifestazioa Boulevardetik abiatuko da eguerdiko 12:00etan, eta Goierriko ikasleek autobusez joateko aukera izango dute. Izan ere, Beasaingo eta Ordiziako tren geltokietatik autobusak irtengo dira goizeko 10:30ean, manifestaziora joateko.
Euskal Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko aldarria
Ikama ikasle antolakundeak abenduan aurkeztu zuen bere proiektu politiko berria: Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa. Gaurko mobilizazioan, proiektu hori paperetik kalera aterako dute, «Hezkuntza bat Euskal Herrirako» lelopean.
Antolatzaileek nabarmendu dute egungo hezkuntza sistemak «Espainiar eta Frantziar estatuek inposatutakoak» direla, eta sistema horiek ez dituztela euskal herritarren beharrak asetzen, «haien interesak betetzen dituztelako». Horren aurrean, Euskal Herriak «hezkuntza sistema propio bat» behar duela azpimarratu du Ikamak, eta hori lortzeko independentzia ezinbestekoa dela adierazi dute.
«Antikapitalista, feminista eta euskalduna»
Ikamak dioenez, Euskal Hezkuntza Sistema Propioak «zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabekoa» izan behar du. Halaber, «aukera berdintasuna bermatuko duen» hezkuntza publikoa aldarrikatzen dute, non ikaslea bera izango den prozesuaren erdigunea.
«Hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna nahi dugu», nabarmendu dute antolatzaileek.
Donostiako kaleak aldarriz beteko dituzte gaur ikasleek, Euskal Herrirako hezkuntza propio baten aldeko aldarria egiteko.