Ataungo Udalak berriz ohartarazi du: etxeko iturriko ura ez da edangarria. Lakuako Osasun Sailak helarazitako ohar baten arabera, gaur-gaurkoz ura ez da kontsumorako egokia, eta egoera normaltasunera itzuli arte, ez da edatea gomendatzen. Bitartean, Ur Kontsortzioak egunero egingo ditu analisiak, eta beraiek izango dira edangarria noiz den jakinaraziko dutenak.
Herritarren kezka eta haserrea
Goizean mezu ofiziala zabaldu eta berehala, hainbat herritarrek Udalarekin harremanetan jarri dira beren kezka eta haserrea adierazteko. Ataungo Udal Gobernuak, herritarren iritzi horrekin bat eginez, egoera argitzeko azalpenak eman ditu, uraren kalitatearen inguruko arazoak aspaldikoak baitira herrian.
Euri-erauntsiek eragindako uhertasuna
Azaldu dutenez, ez da lehen aldia euri-erauntsiek arazoa sortzen dutela. Urte luzez, halakoetan ura uhertuta iritsi izan da etxeetara, eta 2023an indarrean sartu zen lege berri batek are zorrotzagoa bihurtu zuen edangarritasunaren kontrola, uhertasun indizea murriztuz.
Ur tratamendurako planta: urteetako eskaria
Udalaren arabera, 2019az geroztik bilera ugari egin dituzte Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin eta Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin, eta 2024ko otsailean, azkenik, proposamen bat onartu zuten: proiektua faseka gauzatzea, lehen fasean Ataunen bertan ura tratatzeko gune bat eraikiz.
Horretarako, zundaketak egin dituzte Aia auzoan, Juanane baserriaren inguruetan, eta emaitzen zain daude orain. Baldintzak egokiak direla baieztatzen bada, han eraikiko da tratamendu-planta; bestela, zundaketa berriak egingo dira inguruan.
Orain arteko lana eta etorkizuneko urratsak
Ataungo Udalak azpimarratu du ez dela esku-hartze faltagatik izan, eta azken urteetan lehentasunezko gai gisa landu dutela uraren auzia. Egoera berriro okertu den honetan, herritarrei pazientzia eskatu diete eta gogorarazi dute lanean jarraitzen dutela irtenbidea ahalik eta azkarren gauzatzeko.



