Apirilaren 3an, ostegunez, Kafe Tertulia berezi bat antolatu du Ataungo Altxa Burua taldeak, pantailen erabileraren inguruan hausnartzeko asmoz. Saioa arratsaldeko 18:00etan izango da, eskolako liburutegian.
Ekimen honen helburua espazio seguru eta ireki bat sortzea da, non gurasoek elkarrekin solas egin, iritziak partekatu eta elkarri entzungo dioten, epairik gabe. Talde antolatzaileak azaldu duenez, «iritzi, esperientzia eta ikuspuntu desberdinak ezagutzeak gure pentsaera aberasten du eta egiteko moduetan onurak ekar ditzake».
Pantailen erabilerak familiako eguneroko bizitzan duen eragina da eztabaidagai nagusia. Gai hau «kezka iturri» da taldearentzat, eta horregatik planteatu dute gurasoen arteko solasaldi bat proposamen nagusi gisa: «Nerabe eta guraso desberdinen hitzak aitzaki hartuta, gurasoen artean ideiak partekatuko ditugu, elkarrengandik ikasteko», adierazi dute.
Parte-hartzeko izen-ematea beharrezkoa da
Interesdunek aurrez izena eman beharko dute antolatzaileek sarean zabaldu duten inprimakiaren bidez. Izen-emateko epea martxoaren 31n itxiko da. «Zure iritzia edo esperientzia edozein dela ere, interesgarria izango da besteontzat», gaineratu dute Ataungo Altxa Burua taldeko kideek.
Ekimena Ataungo hainbat herritarrek osatutako herri-taldeak antolatu du, eta helburu nagusitzat, familien arteko hausnarketarako espazio aberasgarriak sustatzea du, betiere elkarrizketa, errespetua eta entzute aktiboa ardatz hartuta.
Informazio gehiago jasotzeko edota zalantzak argitzeko, parte hartzaileek honako helbidera idatzi dezakete: altxaburuaataun@gmail.com.