Datorren astelehenean Gasteiztik abiatuko den Itzulia 2025ean parte hartuko duen Euskaltel-Euskadiren zazpikoa ezagutzera eman dute. Euskal txirrindularitzaren erroetatik eratutako taldea izango da, eta zaleen aurrean «motibazio osoz» arituko direla nabarmendu dute.
Euskal txirrindulariak protagonista
Taldea honako txirrindulariek osatuko dute: Mikel Bizkarra, Ander Ganzabal, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin bizkaitarrak; Jon Aberasturi arabarrak; Xabier Isasa gipuzkoarrak; eta Iker Mintegi nafar gazteak. Zuzendaritza teknikoa Jorge Azanzak eramango du.
Taldearen aurkezpenean, Euskaltel-Euskadik azpimarratu duenez, «zazpi txirrindulari hauek Euskal Herriko talde eta lasterketetan hezi eta hazi dira, eta gure taldeak aukera eman die maila gorenean lehiatzeko». Horregatik, «etxean jokatuko duten lasterketa batean maila gorena emango dutela» iragarri dute.
Esperientzia eta gaztetasunaren uztarketa
Zuzendari teknikoaren hitzetan, talde «orekatu eta lehiakorra» osatu nahi izan dute: «Mikel Bizkarrak esperientzia handia dakar, eta Jon Aberasturik azken metroetako esprintetan gure aukerak defendatuko ditu». Horrez gain, Juaristi eta Martinek aurrez parte hartu dute Itzulian, eta Mintegi edo Isasaren moduko gazteek ihesaldietan parte hartzeko aukera izango dute. Ander Ganzabalentzat, berriz, Itzulian estreinakoa izango da.
«Etxeko talde bat gara, eta zaleen aurrean aritzeko ilusio eta erantzukizun handiarekin gaude», adierazi du Azanzak.
Kamiseta berria, Kukuxumusuren sinadurapean
Ekitaldian, halaber, ‘marea laranja’-k jantziko duen maillot berria aurkeztu dute. Kukuxumusuk diseinatu du berriz ere, eta irudiaren bidez, txirrindulariak errepide bazterretan babestu eta animatzen dituzten guztiei keinu berezia egin nahi izan diete.
Itzulia 2025ean aurkeztutako talde eta irudiaz gain, taldeak helburu garbia du: ikusgarritasuna eta lehiakortasuna uztartzea Euskal Herriko zaleen aurrean.