“Askatasunaren Eguna” deituriko ekitaldia baliatuta, Donald Trump AEBtako presidenteak muga-zerga unibertsala iragarri zuen pasa den asteazkenean. Mundu osoari aplikatuko zaion neurria da, eta berehala izan ditu ondorio latzak mundu mailako merkatuetan. Trumpek adierazi zuen bere helburua «Amerika berriz aberats egitea» dela eta zergak AEBekin «gaizki portatu» diren herrialde eta lurraldeentzat zuzenduta daudela.
Asian, azken urteetako galerarik handienak
Neurrien lehen kaltea Asiako burtsak izan dira. Hong Kongeko burtsa izan da kolperik gogorrena jaso duena, 1997tik izan duen galerarik handiena pairatuz: %13,2ko jaitsiera izan du merkatu horrek.
Era berean, Txinako burtsak ere galerak izan ditu, Trumpen administrazioak Txinari %54ko muga zerga ezarri ostean. Shangaiko burtsak %7,3 egin du behera, eta Taiwanen ere nabaria izan da galeraren inpaktua, bere merkatuak %9,7 jaitsi baitira. Taiwanek garrantzi berezia du AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialean, txip erdieroaleen produkzio nagusia herrialde horretan baitago.
Europako merkatuek ere galerak izan dituzte
Europako burtsak ez dira salbu geratu Trumpen politika protekzionistetatik. Alemaniako Frankfurteko burtsak %10eko galerak izan ditu astelehen goizean, eta Italiako Milango burtsak %7ko jaitsiera izan du. Frantziako Parisko burtsak, aldiz, %6,7 galdu du, eta Espainiako Ibex35-ak %7 egin du atzera.
Protesta jendetsuak kaleetan, Trumpen politikak salatzeko
«Ez muturrik sartu» lemapean, mundu mailan mobilizazio handiak egin ziren larunbatean Trumpen politikak salatzeko. Milaka pertsona batu ziren Washingtoneko, Bostoneko edo New Yorkeko kaleetan, baina baita Europako hiri nagusietan ere, besteak beste Parisen, Berlinen eta Londresen. Protestetan, etorkinen aurkako politikak eta LGTBIQ+ kolektiboari egindako kaltea salatu zituzten. Trumpen administrazioaren aurkako aldarriak etengabe entzun ziren kaleetan.