Espainiako Ministroen Kontseiluak Eskola Jangela Osasungarri eta Jasangarrien Errege Dekretua onartu du astearte honetan, Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako Ministerioak bultzatua. Araudi berriak elikadura osasuntsua bermatuko du ikastetxe guztietan, publiko, itundu zein pribatuek bigarren hezkuntzaraino eta Lanbide Heziketa oinarrizko eta ertain mailan eskaintzen dutenetan.
Dekretua hainbat ministerioren elkarlanaren emaitza da, eta, Pablo Bustinduy Gizarte Eskubideetako ministroak adierazi duenez, helburua da haurrak eta nerabeak egunero elikadura osasungarri, nutritibo eta askotarikoa jasotzea, familia-errentaren araberako desberdintasunik gabe.
Fruitu eta barazkiak egunero, arraina eta lekaleak astean behin gutxienez
Dekretuak zehazten duenez, jangela guztiek egunero zerbitzatu beharko dituzte fruta eta barazkiak, eta horietatik gutxienez %45 urte-sasoiari dagozkionak izan beharko dira. Halaber, gutxienez bi plater hilean, edo gastuaren %5a, produkzio ekologikotik etorri beharko dira.
Arrainaren presentzia ere handituko da, eta astean bat eta hiru errazio artean eskaintzea derrigorrezkoa izango da. Ministerioaren arabera, gaur egun Estatuko 1.200 jangela inguruk ez dute inoiz arrainik eskaintzen.
Lekaleek eta zereal integralek, arroz edo pasta integralek kasu, ere astean behin gutxienez egon beharko dute menuan.
Opil industrialik ez, azukredun edaririk ez, eta frijitu gutxiago
Araudiak industria-opilgintza eta edari energetikoak debekatuko ditu ikastetxeetan, baita makinetan eta kafetegietan ere. Halaber, aurrez prestatutako frijituak (pizzak, kroketak…) hilean behin baino gehiago ezingo dira zerbitzatu. Frijitu arruntak astean behin egin ahal izango dira, eta olio birjina edo ekilore altu oleikodun olioa erabiliz.
Azukredun edariek ezin izango dute 5 gramo azukre baino gehiago izan pakete bakoitzeko, eta ezingo dira jangela edo kafetegietan saldu. Elikagai hauen koipe, azukre eta gatz kopuruei mugak jarriko dizkie araudiak.
Tokiko ekoizpenaren eta ohitura osasungarrien alde
Bustinduy ministroak azpimarratu duenez, eskola-jangelak tresna eraginkorrak dira elikadura-ohitura osasungarriak eta iraunkorrak bultzatzeko. Haren esanetan, «helburua da tokiko ekoizpena indartzea, baratzea eta jangelak lotuz, ikasleen elikadura gure nekazariek, abeltzainek eta arrantzaleek bermatzea».
Gainera, dekretuak nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleentzako abantailak ere ekarriko ditu, are gehiago gaur egungo testuinguru zailean, AEBek abiatu duten zerga gerraren eraginez.