Maiatzaren 18an, igandearekin, ospatuko da San Isidro eguna Ataunen. Aurten Aia auzoari egokitu zaio jaia antolatzea, eta Ataungo Udalak egitarau berezia prestatu du egun horretarako.
Egitaraua goizeko 11:00etan hasiko da plaza inguruan eta Erropen, herriko produktuen erakusketarekin. Bertan, barazkiak, landareak, zizak eta bestelakoak jarriko dituzte ikusgai.
Ondoren, 11:05ean, Bixente Eskisabelen bizitzari buruzko dokumental laburra eskainiko dute. 11:30ean, Lourdes Altunak “Kablea Ataunen” lanari buruzko azalpenak emango ditu, eta 11:45ean egingo da “Kablea Ataunen” erakusketaren inaugurazioa, Xabier Eskisabelen eskutik.
Eguerdian, 12:15ean, herriko artzainek ekoitzitako gazta dastatzeko aukera izango da. Eguneko ekitaldi nagusia 14:00etan izango da, Haitzarri Elkartean egingo den bazkarian. Menua honakoa izango da: haragi-zopa, pikatxa, arkumea, mamia, kafea eta kopa. Bazkarirako txartelak 30 euroan daude salgai Troskaeta eta Sutegi tabernetan, eta erosteko epea apirilaren 28tik maiatzaren 8ra izango da.
Herriko produktuak izango dira protagonista
Ataungo Udalak herritarrak gonbidatu ditu beraiek landutako produktuekin postuak jartzera. Barazki-postua jartzen dutenek diru-sari bat jasoko dute eta, gainera, bazkarirako txartela oparituko zaie. Gazta aurkeztu nahi duten artzainek, berriz, udaletxera deitu beharko dute (943180011) maiatzaren 8a baino lehen.
Postua jarri nahi dutenek ere izena eman beharko dute udaletxean azken eguna maiatzaren 8a dela kontuan hartuta.