Fortuna kirol elkarteak maiatzaren 7an irekiko du Behobia-Donostia lasterketaren aurtengo izen-emate orokorra. Izen-emate epea abiatzearekin batera, antolatzaileek, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin elkarlanean, emakumeei parte hartzeko dei berezia egin diete, azken urteotan martxan dagoen BSS 50/50/25 proiektua gogoan hartuta. Helburua argia da: 2025erako lasterketako partaideen erdia emakumeak izatea. Aurten, helburu horretara gerturatzeko urte erabakigarria izango da, eta horregatik jarri dute martxan “Egin dezagun posible” leloa daraman kanpaina.
Iñigo Etxeberriak, Behobia-Donostiako koordinatzaileak, astelehen honetan egindako agerraldian adierazi duenez, azken urteetan nabarmen hazi da emakumeen parte-hartzea, bereziki 20 eta 30 urte bitartekoen artean. «Pozgarria da belaunaldi berri bat agertzea, indartsu dator eta %40ko langa gainditu dugu azken edizioetan», azaldu du. Oroitu du, halaber, proiektua aurkeztu zutenean jakin bazekitela epea motza zela, baina “normaltasun eza” bistaratzea zuten helburu nagusi.
«Mugak ez dira fisikoak, gizartean eta ohituretan daude. Horregatik, aurten arreta berezia jarriko diogu parekidetasunerako bide honetan sakontzeari», gehitu du Etxeberriak. Proiektuaren bidez kirola espazio inklusiboago eta parekideago bihurtu nahi dute, eta emakumeek lasterketan parte hartzeko aukera eta motibazio berdinak izan ditzatela.
Bestalde, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, «kirola gizarte eraldaketarako tresna da, eta BSS 50/50/25 proiektua horren adibide garbia da». Bengoetxearen hitzetan, proiektu hau gizartearen beraren eskutik sortu da eta erakunde publikoen ardura da halako ekimenak babestea eta bultzatzea.
«Aurten helmuga ukitzear gaude. Baina aldaketa sozial honek ez du amaierarik; orain arte egindako bideari jarraipena eman behar diogu», adierazi du. Horregatik, emakume guztiei luzatu diete gonbidapena: lehenengoz, berriro edo urtez urte parte hartzera, azken kilometro horiek elkarrekin egiteko.