Maiatzaren 9an, ostirala, Ataungo San Martingo plazan giro berezia sortuko da 17:00etatik aurrera. Desiderata talde artistikoak ‘Liburuen ospitalea’ izeneko kale-antzerkia eskainiko du, haur zein helduei zuzendutako emanaldi parte-hartzailea.
Ikuskizunaren helburua liburuekiko maitasuna piztea da, irudimenaren bidez haur eta familiek istorioen magia bizitzeko aukera izan dezaten. Liburu apurtuak sendatu, istorio zaharrak berpiztu eta irakurzaletasuna sustatzeko gune bihurtuko da plaza, ordubetez baino gehiagoz.
Desideratak azken urteotan harrera beroa jaso du Euskal Herriko hainbat herritan, eta oraingoan Ataunen izango da geldialdia, publiko guztientzat irekia izango den emanaldi batekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, «familientzako kultur eskaintza aberatsa izateaz gain, irakurketarekiko zaletasuna modu ludikoan lantzeko aukera ere bada».
Ekimen hau herriko kultur agendaren barruan antolatu da, eta irudimenez beteriko arratsaldea bermatuta dago.