Joan zen asteazkenean, San Gregorioko Barandiaran museoan aurkeztu zuen Jentilbaratza Kultur Elkarteak Mitoaldiaren aurtengo edizioa prentsaurreko baten bitartez. VI. edizioa izango da aurtengoa eta irailaren 9tik urriaren 21era bitarte ekintza, film emanaldi edota hitzaldi ezberdinak eskainiko dira.
Irailaren 9an Irulegi herrixkara egingo den txangoarekin emango zaio hasiera mitoaldiari. Aranzadi zientzia elkarteko adituek gidatuko dute txangoa, eta horren ezagun bilakatu den esku izkiriatua agertu zen eremu arkeologikora gerturatzeko aukera izango da. 08:30etan abiatuko da autobusa Ataundik eta 14:30etan izango da itzulerarako ordutegia.
Irailaren 15ean Anjel Lertxundi euskal idazle, literatur kritikari, kazetari eta gidoilariaren hitzaldia eskainiko da Herri Antzokian. Ibilbide luzeko idazlea da oriotarra, eta eleberria, kontakizuna eta saiakera jorratu ditu, baita haur eta gazte literatura ere. “Ez dago Transilvaniara joan beharrik” hitzaldia 19:00etan hasiko da eta Jon Aizpurua ariko da aurkezle lanetan.
Irailaren 30ean Irati filmaren emanaldia izango da Herri Antzokian 17:30etan. Paul Urkijo Alijo Gasteizko Zinema Zuzendariarena da Irati filma. 1984an jaio zen eta marrazketa zein istorioak txikitatik maite ditu. Literatura, komikiak eta zinema ezagutzen hasi zen oso gaztetatik, batez ere fantasia eta mitologia eta ipuin tradizionalen irakurle amorratua izatera iritsi zen. Urkijoren solasaldiaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen denak.
Urriaren 7an bi saio eskainiko dira Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren kontaketen inguruan. Barandiaran Museoan izango da eta Marimundukok eskainiko ditu. Lehen emanaldia 16:30etan izango da eta bigarrena 18:00etan.
Urriaren 11n Luis Mari Zaldua Euskal Filologian doktorea eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioko zuzendariak “Euskal Herriko antzinaroko jainko eta jainkosak” hitzaldia eskainiko du Barandiaran Museoan 19:30etan.
Urriaren 21ean amaituko da VI. Mitoaldia, Jentilen Etorreraren emanaldi berri batekin. 19:30etan hasiko da San Martin auzoko plazan desfilearekin eta Auzoetan kiroldegirako bidea eginda, bi antzerki saio egingo dira: 20:00etan eta 22:00etan