Ertzaintzak gizonezko enpresaburu bat atxilotu du Idiazabalen, Espainiako Estatuan egoera irregularrean zeuden langile atzerritarrak zuntz optikoa instalatzeko lanetan ustiatzeagatik Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ikerketaren lehen fasean Logroñoko enpresaburu hau atxilotu ostean, Durangoko 3. Instrukzio Epaitegiak baimena eman zuen Miranda Ebron eta Logroñon miaketak egiteko, eta bigarren pertsona bat, 32 urteko emakume bat, atxilotu dute kasuarekin lotura duelakoan.
«Ezta jateko ere»
Ikerketa 2025eko urtarrilean abiatu zuten gizarte zerbitzuek emandako abisu baten ondoren. Gizonezko batek laguntza eskatu zuen, astean zazpi egunetan eta 10 ordutik gora lan egin arren, «ezta jateko adina ere» ez zuelako irabazten. Biktimak salatu zuen zuntz optikoa etxebizitzetan eta enpresetan instalatzeko kontratatu zutela, eta 4.000 euroko soldata eta egoera administratiboaren erregularizazioa agindu zizkiotela.
Langile ilegalen ustiapena
Atxilotutako enpresariak bi enpresaren bidez kontratatzen zituen langileak, bai Espainian bertan bai kanpoan. Enpresa horiek telekomunikazioen sektoreko operadoreentzako instalazio-lanak egiten zituzten azpikontratatutako beste enpresa batzuen bitartez.
Ertzaintzak egindako ikerketaren arabera, langileak Gizarte Segurantzan alta eman gabe aritzen ziren lanean, eta identifikazio-txartel faltsuak ematen zizkieten; txartel horiek alta legalarekin zeuden beste pertsona batzuen izenean zeuden, eta horri esker, enpresariak langile bat baino gehiago erabiltzen zuen pertsona bakar baten alta erabiliz.Gainera, instalazio bakoitzaren sarreren %75 enpresariak bereganatzen zuen. Gainerako %25etik, langileei gasolina, ostatu, ustezko zorrak eta paperik gabe lan egiteagatik %8ko “zigorra” deskontatzen zizkien. Ondorioz, egoera ekonomiko «oso larrian» geratzen ziren, Ertzaintzak nabarmendu duenez.
Ikerketa zabalik eta biktima gehiago aurreikusten dira
Segurtasun Sailaren esanetan, bost lagunek salaketa jarri dute jada, eta biktima kopurua areagotu daiteke, atxiloketak beste kasu batzuk azaleratzea ekar dezakeelako. Ertzaintzak ohartarazi duenez, «oraindik ere beldur direlako salatu ez duten pertsonak egon daitezke».
Atxilotua epailearen esku jarri dute eta giza salerosketagatik, langileen eskubideen aurkako delituengatik, pertsonen trafiko ilegalagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik egotzi diote, besteak beste.