Ataungo Udalak jakinarazi duenez, silo-bolen plastiko bilketarako kanpaina berri bat abiatuko da datozen asteetan herrian. Ekimen hau Goimen Elkartearekin elkarlanean antolatu da, eta hilabetean behin egingo da bilketa, hilabeteko hirugarren asteartean, hain zuzen. Maiatzak 20 eta ekainaren 17 izango dira hurrengo hitzorduetarako egunak.
Bilketa puntuak herrian zehar
Ataungo baserritarrek plastikoak utzi ahal izango dituzte hainbat bilketa puntutan, Udalak prestatutako itxituretan. Puntu horiek honako hauek dira:
- Otadi Zelai baserrian, herrirako bidean
- San Martin (mediku etxe atzean)
- Suki zeharrean, Saltxeberri baserrirako bidegurutzean
- Arrateta aldean (Agerrerako bidegurutzean)
- San Gregorio, Intxaustiko zubian
- Lauztierrekako bidegurutzean eta Lauztiturrieta baserrian
Antolatzaileek ohartarazi dute, bilketa puntu hauetakoren batean aldaketa beharra balego, lehenbailehen jakinaraztea eskertuko litzatekeela, bai Udalari eta bai baserritarrei ere, informatuta egoteko.