Ataunen Elkartasun Astea ospatuko da aste honetan, Etxera elkartearen eskutik. Bi egun berezi antolatu dituzte elkartasuna eta aldarrikapena uztartuz: dokumental emanaldia batetik eta mendi irteera eta bazkaria bestetik.
Dokumentala San Gregorioko Elkargunean
Lehen hitzordua maiatzaren 21ean izango da, asteazkenez, arratsaldeko 19:00etan, San Gregorioko Elkargunean. Bertan, ‘Korta, askatasun haizea’ dokumentala proiektatuko da. Dokumentalak askatasunaren aldeko borrokaren inguruko testigantza eta ikuspegi historiko indartsua eskaintzen du.
Igandean: irteera, toka lehiaketa eta bazkaria
Maiatzaren 25ean, igandea, egun osoko egitaraua prestatu dute Napar-Iturrira egingo den irteerarekin. 12:00etan hasiko da eguna, mokadu batekin, eta jarraian, toka lehiaketa egingo da. Irabazleek sari gisa ogitarteko bat eta sagardo botila bat jasoko dituzte, Sutegi, Urbieta edo Troskaetan tabernetan trukatzeko.
13:45ean hitzaldia izango da eta 14:00etan bazkaria. Menuko osagaiak hauek izango dira: entsalada, txerri kostila eta oilasko izterrak, postrea, kafea eta pattarra. Edateko, ura, sagardoa eta ardoa eskainiko dira.
Bazkarirako tiketak 15 euroan daude salgai, Sutegi, Urbieta, Errotaundi eta Troskaetan, maiatzaren 23a, ostirala, arte. Umeen parte-hartzea doakoa izango da.
Eguraldi txarra bada, alternatiba prest
Antolakuntzak aurreikusi du eguraldi txarra izanez gero jarduerak Aiako Erroipe aretoan egingo direla.