Jokin Altuna faborito gisa iritsiko da finalera, baina amezketarrak argi du: aurrekariak ez dute ezer bermatzen. Iñaki Artola aurkari izango du Bizkaia pilotalekuan jokatuko den buruz buruko finalean, eta alegiarrak, lehen txapela lortzeko ilusioz, bere aukera baliatu nahi du.
Finala erabakiko ez duen materiala
Bi pilotariek materialaren aukeraketa egin dute jada, ohiko ekitaldian. Altunak 104,5 eta 105 gramoko pilotak aukeratu ditu; Artolak, berriz, 104,7 eta 105,1 gramokoak. Biek nabarmendu dutenez, «materiala ez da aitzakia izango, ezta erabakigarria ere».
Altuna: «Nire aurkari nagusia ni neu naiz»
Zortzi txapel dituenak aitortu du ilusio bereziz bizi duela aukera hau, eta laugarren buruz buruko txapela lortu nahi duela: «Oso gogotsu nago. Artola oso jokalari osoa da, ez du ezer oparitzen eta indar handiz jotzen dio pilotari», ohartarazi du Altunak.
Faborito etiketa bere gain hartu du, baina zuhurtziaz: «Faboritoa naiz orain arte gauzak ondo egin ditudalako. Partida gehienetan faborito gisa irteten naiz, baina ez ditut guztiak irabazten. Hortaz, ez du ezer esan nahi».
Bere buruarekin dituen erronkak azpimarratu ditu, gainera: «Nire helburu nagusia ez da titulu gehiago irabaztea, baizik eta egunez egun hobetzea. Nire aurkari nagusia ni neu naiz. Oraindik badut ibilbidea, eta goian jarraitu nahi dut».
Artola: «Oraingoan bai, erabat ixteko aukera dut»
Artolak, berriz, bere ibilbidean atal garrantzitsu bat ixteko aukera ikusten du finalean. Izan ere, 2021ean, Altunaren aurkako finala jokatzear zela, lesio batek lehia horretan parte hartzea eragotzi zion. «Ez nuen obsesio berezirik finalera iristeko, baina egia da orain erabat kendu diezaiokedala arantza hura», azaldu du.
Oraingo finala, gainera, jendaurrean izango da: «Orduko hartan pandemiak eragotzi zuen zaleen presentzia, eta orain, ordea, pilotalekua beteta izango dugu. Askoz bereziagoa izango da».
Artolak ez du ukatu Altuna dela faborito nagusia, baina horrek ez dio «ez positiboki ez negatiboki» eragiten. «Nik nire onena eman behar dut. Horretarako prest sentitzen naiz, sendoago eta esperientziatsuago nago orain dela lau urte baino. Txapela irabazteak ez luke nire bizitza aldatuko, baina saritzat handia litzateke».