Euskal Herria Zuzenean jaialdia izango da Zebrabidea irratsaioaren agur-eszenatokia. Ostiral honetan, Arberatzen (Nafarroa Beherea), denboraldiari amaiera emango diote emankizun berezi batekin, Euskal Irratiekin elkarlanean.
Saioaren azken atal honetan Ekhiñe Zapiain eta Ainize Madariaga esatariak ariko dira gidari, eta jaialdian parte hartzen duten musikari, antolatzaile eta bisitariak elkarrizketatuko dituzte zuzenean.
Jatorriari omenaldi, etorkizunari ateak
Ekhiñe Zapiainek azpimarratu du jaialdi honek baduela esanahi berezia Arrosa sarearentzat, izan ere, EHZ jaialdiaren lehen edizioak Arrosan egin ziren, eta hortik datorkio sarearen izena. Hiru denboralditan saioaren aurkezle izan den Zapiain bera izango da agurreko saioan protagonista, oraingoz Zebrabidea-ri agur esateko unea iritsi zaiolako.
Etapa aldaketa: aurkezle berriak helduko dira
Denboraldi honen amaierarekin, Zapiainek eta Oihana Azkuek agur esango diote saioari, bakoitza bere bide berriei ekiteko: Zapiain Antxeta irratira pasatuko da proiektu berrietan aritzeko, eta Azkue Naiz irratian ariko da beste zeregin batzuetan.
Hala ere, Zebrabidea ez da itzaliko. Arrosa sareko irratsaiorik entzutetsuenetakoak beste aurkezle batzuekin egingo du aurrera hurrengo denboraldian, ibilbideari jarraipena emanez.