Ataungo Udalak azken hilabeteotan elikadura sistemaren inguruko azterketa sakona egin du, ekoizpen, banaketa eta kontsumo prozesuak ahalik eta jasangarrienak, osasuntsuenak eta zirkularrenak izan daitezen. Prozesu horretan, bai ekoizleen zein herritarren iritziak jaso dira, egungo ohiturak eta beharrak hobeto ulertzeko.
Orain, proiektuak fase berri bati ekingo dio: parte-hartze saioak antolatu dira Udaletxeko batzar aretoan, aurkeztutako ondorioak partekatzeko eta etorkizuneko ekintza-plan zehatza osatzeko.
Bi saio nagusi: ekoizleekin eta herritarrekin
Lehenengo topaketa ekoizleei zuzendua izango da, urriaren 14an, asteartean, arratsaldeko 18:30ean. Bigarren hitzordua, berriz, urriaren 16an, ostegunean, 18:00etan, herritar guztiei irekia izango da.
Udalak herritarren parte-hartzea bereziki azpimarratu du: «Etorkizuna dugu jokoan, eta elikadura sistema bidezkoago eta iraunkorrago baten aldeko urratsak guztion artean egin behar ditugu».
Jasangarritasunaren aldeko urratsa
Ekimen hau Ataungo udalerriak Udalsarea 2030 sarearen baitan egiten dituen jardueren parte da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta helburua tokiko elikadura ereduak indartzea eta ekonomia zirkularraren printzipioak errotzea da.
Azken finean, Ataungo Udalaren ustez, elikadura-sistemaren etorkizuna ez dago soilik ekoizleen esku, baizik eta herritar guztien erabakien eta ohituren mende ere bai. Horregatik, datorren astean egingo diren saioetan parte hartzera gonbidatu dituzte ataundarrak.