Movistar Team-ek asteazken honetan aurkeztu du bere prestakuntza egitasmo berria: Movistar Team Academy. Talde berria 17 eta 21 urte bitarteko 12 gazte txirrindularik osatzen dute, eta euren artean bi euskal ordezkari daude: Ibai Villate bizkaitarra eta Markel Aranaz.
Ekimenaren helburua argia da: «txirrindularitzaren oinarria indartzea eta gazte talentuei WorldTour mailara jauzia erraztea». Horrela, talde nafarrak bere kirol egitura sendotu eta gazteentzako garapen bide profesional bat eskaintzen du.
«Gazte hauek potentzial handia dute»
Manuel Mateo, Movistar Team Academy-ko zuzendari teknikoak, talde berria ilusioz aurkeztu du: «Oso talde erakargarria dugu, hazteko potentzial handia duten txirrindulari gazteekin. Batzuek jada erakutsi dute bilakaera ikusgarria, eta gainerakoekin norabide berean lan egingo dugu, bakoitzak bere espezialitatean. Gure asmoa da ingurune egokia eskaintzea, etxean bezala senti daitezen eta hazten jarraitzeko askatasuna izan dezaten».
Bestalde, Sebastian Unzue, proiektuaren manager nagusiak, nabarmendu du ekimenaren garrantzia Movistar Team-en etorkizunerako: «Hamabi txirrindularik osatzen duten talde hau gure egiturarentzat urrats garrantzitsua da. Gazteei ingurune profesional bat eskaini nahi diegu, bertan ikasi, hazi eta goi mailara lehen urratsak eman ditzaten. Proiektu hau epe luzerako ikuspegiarekin sortu da, garapen pertsonalean eta kirol arloan laguntzeko, betiere Movistar Team-ek ordezkatzen dituen baloreekin».
Euskal ordezkariak: Villate eta Aranaz
Ibai Villate bizkaitarrak 2026 eta 2027 urtetarako kontratua sinatu du, urte bikain baten ostean. Aurten hiru garaipen lortu ditu eta Europako Txapelketan lan nabarmena egin du.Bestalde, Markel Aranazek urtebeteko kontratua sinatu du taldearekin.
Haiez gain, talde berria osatzen dute Sebastian Castro, Javier Cubillas, Daniele Forlin, Jhonatan Guatibonza, Eric Igual, Lucas Jackson, Filip Novak, Roger Pareta, Tomás Pombo eta Mattia Proietti txirrindulariek.
Euskaltel-Euskadik ere mugimenduak iragarri ditu
Movistar Team Academy-ren aurkezpenaz gain, Euskaltel-Euskadik ere albistea zabaldu du: Samuel Fernandez asturiarra filiala utzi eta talde profesionalera igaroko da, bi urterako kontratuarekin. Fernandez Fundazioaren erreferentzia nagusietakoa izan da 2025ean; garaipen esanguratsuak eskuratu ditu, hala nola Memorial Pascual Momparler Espainiako Kopan, Madrilgo Itzulia eta Espainiako sub-23 Txapelketako brontzea, Yago Agirre taldekideak irabazi zuena.
Gainera, orain gutxi, Fundazioak beste urrats garrantzitsu bat ere eman zuen: Gari Ugarte legazpiarrak (20 urte) talde nagusira egingo du jauzia, bi urterako kontratuarekin. Gazte gipuzkoarrak bi denboraldi egin ditu filialean, eta aurten estreinatu da talde laranjarekin stagiaire modura.



