Urte osoko lanaren ondorioz sortu da Mondragon Unibertsitateak kaleratu duen azken gida, euskarazko haur eta gazte literaturari buruzkoa. Dokumentu honek, irakasleei, gurasoei zein liburutegietako arduradunei laguntzea du xede, argitalpen berrien artean orientazioa eskainiz. Egileek nabarmendu dutenez, «gidak ezin du ordezkatu irakurketaren esperientzia bera, ezta liburu batek sor dezakeen gozamena ere».
Aurten ere hainbat lan irakurri eta baloratu dituzte lantaldeko kideek, hizkuntzaren erabilera, kalitate literarioa edo gaien trataera bezalako irizpideak kontuan hartuta. Ondoren, hiru multzotan sailkatu dituzte: gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horretan, azalpen osagarriak ere gehitu dituzte, arreta berezia merezi duten lanak izanik.
Prozesuan parte hartu dute zortzi erakundetako hamabi profesional, tartean liburuzainak, irakasleak eta unibertsitateko adituak. Marikarmen Apraiz izan da koordinatzailea; azalaren diseinua Amets Sanzen lana izan da eta maketazioaz Naroa Garayar arduratu da.
Egileek azpimarratu dute adin gomendioak ez direla erabatekoak: «haurren erritmoa eta gustuak ezin dira zenbakietan itxi». Horregatik, askatasunez aukeratzea jarri dute erdigunean, irakurzaletasuna sendotzeko oinarrizko baldintza gisa.
Mondragon Unibertsitateko Haur Liburu Mintegiak 1990ean kaleratu zuen lehen gida, udal liburutegietako liburuzainen eta zenbait ikastetxeren laguntzarekin. Ordutik, urtero argitaratu izan da, eta 2001az geroztik edizio guztiak sarean daude eskura. Aurten ere, formatu digitalean aurkeztu dute, baina liburutegietan ere kontsulta daiteke.



