Atsedentoki elkartearen arduradunek azken asteetan bertan eta inguruan izandako zenbait jokabide desegoki salatu dituzte, gazte talde baten aldetik jaso dituzten portaerak direla-eta.
Kristalak hautsi eta oihuak, besteak beste
Azaldu dutenez, hainbat ekintza kezkagarri errepikatu dira: leiho baten kristala apurtu dute, komuneko paperarekin jolasean aritu, zaborra lurrera bota, eta garrasika ibili dira, besteak beste. Horrez gain, inguruko pertsona nagusiei erantzun desegokiak eman dizkietela ere salatu dute.
Errespetua eta elkarbizitza kolokan
Atsedentoki adineko pertsonentzako atseden eta elkargune izateko sortu zen, eta bertan elkartzen direnentzat lasaitasuna eta errespetua oinarrizko baldintzak dira. Elkartearen hitzetan, «horrelako jarrerak ez dira onargarriak, elkarbizitzan kalte zuzena eragiten dute eta tentsioa sortzen dute espazioa partekatzen dutenen artean».
Neurriak hartzeko aukerari atea zabalik
Elkartearen arduradunek jakinarazi dute egoerak bere horretan jarraitzen badu lokalaren erabilera mugatzeko beharra izan dezaketela: «Guztion ardura da espazio komunak zaintzea eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzea», adierazi dute amaieran.



