Kutxa Fundazioak Gipuzkoa Aliantzan 2025 izeneko ezohiko laguntza-programa jarri du martxan, gizarte-berrikuntzan eragiteko asmoz. Guztira, 3 milioi euro bideratuko dira aliantzetan oinarritutako eta elkarlanean sortutako proiektu eraldatzaileak babesteko, betiere Gipuzkoako erronka sozialei erantzuna emateko helburuarekin.
Fundazioaren esanetan, ekimen honek lankidetzan oinarritutako berrikuntza sustatu nahi du, konpromiso kolektiboaren kultura bultzatuz eta lurraldeko eragile ezberdinak —erakunde publikoak, enpresak, ikastetxeak, hirugarren sektoreko erakundeak eta herritarrak— elkarrekin lan egitera animatuz.
Hiru ardatz estrategiko eta ikuspegi bateratua
Programa honen bidez, Kutxa Fundazioak hiru helburu nagusi ditu jomugan:
Lehenik, STEAM bokazioak sustatu nahi dira, haur eta gazteen artean jakin-mina eta parte-hartze aktiboa piztuz, bai ikaskuntza formalean bai ez-formalean. Helburua da ikaskuntza esanguratsuak eta inklusiboak eskaintzea.
Bigarrenik, ezagutzaren kultura eta pentsamendu kritikoa indartu nahi dira. Zientziak eta arteak uztartzen dituzten ekimenen bidez, eraldaketa ekosozialei buruzko interesa eta ezagutza zabaldu nahi da.
Hirugarren ardatza gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa da. Bereziki azpimarratzen da Nazio Batuen 18. Garapen Jasangarrirako Helburua: «hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta onarpena bermatzea, garapen pertsonal eta sozialerako ezinbesteko faktore gisa».
Ikuspegi sistemikoa eta balio zeharkakoen presentzia
Garbiñe Etxezarretak adierazi duenez, «aurkezten diren proiektuek helburu bakar bati edo gehiagori heldu ahal izango diote, baina ikuspegi integratu eta sistemiko batetik landu behar dira. Hau da, helburu ezberdinen inguruan sinergiak eraikitzea bilatuko da, proiektu multzo koherenteen bidez».
Horrez gain, programak balio zeharkakoak ere kontuan hartuko ditu: pentsamendu kritikoa, berdintasuna, feminismoa, aniztasuna, jasangarritasuna, euskara, kultur ondarea eta gobernantza ireki eta kolaboratiboa.