Donald Trump AEBtako presidenteak igande honetan agindu du Alcatraz uharteko segurtasun handiko espetxea berriz irekitzea. Espetxea 1963an itxi zuten arren, orain berreraikitzeko eta zabaltzeko asmoa agertu du, helburu argi batekin: «Estatu Batuetako kriminalik basatienak eta bortitzenak bertan giltzaperatzea».
Trump-ek bere sare sozial propioan, Truth Social-en, honako hau adierazi du: «Ez gara gehiago izango kriminalen, matxinoen eta beren lana egiteko beldur diren epaileen gatibu. Alcatraz berriz irekiko da legearen, ordenaren eta justiziaren sinbolo gisa. Amerika berriz handi egingo dugu!».
Mezu irmoa kriminalitatearen aurka
Bere mezuek tonu gogorra izan dute, ohikoak diren adierazpen sutsuekin: «Aspaldi luzean Estatu Batuak kriminal gaizto eta bortitzen, eta behin eta berriz delituak egiten dituztenen menpe egon dira, eta horrek ez du etorkizun oparorik ekarriko, baizik eta sufrimendua eta miseria».
Horrez gain, Trumpek adierazi du: «Lehen garaietan, nazio serioagoa ginen eta ez genuen zalantzarik izaten arrisku handiko kriminalak espetxeratzeko eta kaletik urruntzeko. Horrela izan behar du berriro ere».
Alcatraz, sinbolo baten itzuleran?
Bere adierazpenek hautsak harrotu dituzte AEBtako komunikabideetan eta sareetan. CNN kateari egindako adierazpenetan, itzulerako bidean zela, Trump-ek adierazi du ideia hori «une bateko gogoeta bat» izan dela, eta ez dagoela oraindik berariazko planik. Hala ere, honako hau erantsi du: «Epaile politizatuek deportatutako migratzaileei prozesu osoa bermatu nahi diete, eta horrek oztopatzen du askotan justizia azkar eta eraginkorra egitea».
Espektetik turismo gune izatera
Alcatraz espetxe federala izan zen ia 30 urtez, eta 1963an itxi zuten, kostuak jasangaitzak bihurtu zirelako. Gaur egun, AEBtako Parke Zerbitzu Nazionalaren esku dago, eta milaka turisten bisita jasotzen duen gune bihurtu da.
Trumpen ideiak oraindik ez du jarraipen legal edo administratiborik izan, baina haren jarraitzaileen artean harrera ona izan du, eta polemika piztu du sare sozialetan eta politikagileen artean.