Sasieta Mankomunitateak herritar guztiei zuzendutako saio ireki bat antolatu du datorren asteazkenerako, urriaren 1ean, konpostajearen prozesua zuzenean ezagutzeko helburuarekin.
Saio praktikoa eta parte-hartzailea
Topaketa Ubarrietako konpostagunean izango da, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, aditu batek konpostaren inguruko informazioa eskainiko du, prozesuaren xehetasunak azalduz eta, amaieran, zalantzak argitzeko eta hobekuntza proposamenak partekatzeko tartea eskainiko da.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, saio hau konposta egiten hasi nahi dutenentzat aukera ezin hobea da, eta interesa duten guztiei parte hartzera gonbita luzatu diete.
Konpostagunea ezagutzeko aukera
Saioa praktikoa izango da, eta bertaratzen direnek konpostagunea bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Horrek lagunduko du konpostajearen garrantziaz jabetzen eta etxean konpostatzeko urratsak ematen.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Sasieta Mankomunitatearen webgunean kontsulta daiteke: www.sasieta.eus webgunean, edo zuzenean harremanetan jar daiteke 943 16 15 55 telefono zenbakira deituta edo info@sasieta.eus helbidera idatzita.



