WhatsApp aplikazioak beste urrats bat egin du komunikazioa errazteko: orain, erabiltzaileek mezuak zuzenean itzuli ahal izango dituzte, hizkuntza desberdinetan mintzatzen diren lagunen arteko elkarrizketak ulergarriago bihurtuz.
Munduan zehar 3.000 milioi pertsona baino gehiagok darabilte mezularitza-aplikazio ezaguna, eta askotariko hizkuntzak tarteko, elkar ulertzea ez da beti erraza izaten. Horri aurre egiteko, WhatsAppek itzultzaile integratua martxan jarri du: funtzio berriak aukera ematen du banakako elkarrizketetan, taldeetan eta kanaletan jasotako mezuak berehala hautatutako hizkuntzara eramateko.
Nola funtzionatzen du?
Erabilera mekanismoa erraza da: mezua sakatu eta “itzuli” aukerara joan. Hori eginda, testua automatikoki bihurtuko da aurrez hautatutako hizkuntzara. Gainera, Android gailuetarako berrikuntza gehigarri bat ere badakar: elkarrizketa osoak automatikoki itzultzeko aukera, mezuak jasotzen diren une berean.
Aldez aurretik, ordea, erabiltzaileek zein hizkuntzatatik eta zein hizkuntzatara itzuli nahi duten zehaztu beharko dute, eta hizkuntza horiek gailuan deskargatu eta gordeta izan.
Itzulpena zure gailuan bertan
WhatsAppek berak azaldu du funtzioa diseinatu dela erabiltzaileen pribatutasuna lehenetsiz. Hori dela eta, itzulpenak ez dira zerbitzarietan egiten, baizik eta erabiltzailearen gailuan bertan. Horrek esan nahi du enpresak ez duela mezuen edukia eskuratzeko aukerarik.
Zer hizkuntzatan dago erabilgarri?
Android sistema eragilea duten gailuek jada erabil dezakete funtzio berria ingelesez, gaztelaniaz, hindiz, portugesez, errusieraz eta arabieraz. iPhone erabiltzaileentzat, berriz, funtzioa 19 hizkuntza baino gehiagotan dago erabilgarri.
Komunikazio unibertsalago baten alde
WhatsAppek espero du tresna honek jendea hurbiltzeko balio izatea: «Gure helburua da hizkuntza-oztopoak murriztea, eta erabiltzaileei aukera ematea munduko edozein txokotako komunitateekin harremana izateko», adierazi du konpainiak.



