Ataunek prest dauka astebururako kultur hitzordu garrantzitsua: Goierriko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 20. edizioa. Aurten ere Herri Antzokia izango da topaleku nagusia, eta ostiraletik igandera arte liburuen, diskoen eta euskal sortzaileen inguruan antolatutako egitarauak beteko du aretoa.
Azokaren xehetasunak aurkezteko agerraldia Ataungo udaletxean egin dute, eta bertan izan da Nagore Bikuña, azokaren arduraduna. Bere hitzetan, azokak «bertako kultur eskaintza indartzen du eta herritarrei euskal sorkuntzarekin konektatzeko aukera paregabea eskaintzen die».
Asteburuko egitaraua: aurkezpenak eta kontzertua
Hiru egun izango dira Ataunen azokaz gozatzeko, eta aurten, liburuen aurkezpenak eta musika emanaldiak uztartuko dira.
Ostirala, abenduak 12
- 18:00 – Azokaren irekiera.
- 18:30 – Azpijokoa Azpiazun, Iñaki Dorronsoro Maiozen eskutik.
- Ondoren – Negu Hurbilak taldearen kontzertua.
Larunbata, abenduak 13
- 11:00 – Azokaren irekiera. Izanenga proiektua, Aiora Jauregik aurkeztua.
- 12:00 – El Padralismo. El ocaso de los JoBuBi, Ahoztar Zelaietaren eskutik.
- 14:00 – Azokaren itxiera.
Igandea, abenduak 14
- 11:00 – Azokaren irekiera. Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila aurkeztuko du.
- 14:00 – Azokaren itxiera eta azokari amaiera emango dion ekitaldia.
Euskal kulturaren plaza bizia
Aurten ere, Ataungo azoka Doinuele sarearen barruan kokatzen da, euskarazko sorkuntzari plaza ematen dioten Euskal Herriko azoken sarean. Bikuñak nabarmendu duenez, «euskaraz sortutako liburu eta diskoei ikusgarritasuna ematea» da ekimenaren zutabe nagusietako bat, eta azokak urtero erakusten du herritarren interesa bizirik dela.
Horrez gain, mandatuak egiteko aukera zabalik egongo da, Olentzero eta Mari Domingiri opariak aurrez prestatzen laguntzeko.



