Larunbat honetan burutu du UEMAK 2019-2023 agintaldiko bere lehen batzar nagusia Ataungo Herri Antzokian. Bertan izendatu dute lehendakari Martin Aramendi, Ataungo egungo alkatea. Guztira mankomunitateko 101 udalerritako ordezkariak gerturatu dira hitzordura, eta guztien artean onartu dute lehendakari berriaren kargu hartzea. Aramendirekin batera lantalde eraberritu bat ariko da lanean aurrera begira dituzten erronkak burutu ahal izateko, zehazki hamar ordezkarik osatuko dute lantalde berria.
Lanaldi laurden bateko denbora eskainiko die Aramendik UEMAko lanei, eta beraz, alkatetzaren laurden bat liberaturik geratuko da. Hori betetzeko, Maide Irastortza zinegotzia izango da karguan alkateak zehaztu duenaren arabera. «Urriaren lehenengotik aurrera, udalean bi izango gara» azpimarratu du.