XIX. edizioa izango du aurtengoa Ataungo Argazki Rallyak, eta urriaren 1ean ospatuko da. Argazkilaritzan zaletu direnek hitzordu garrantzitsua izango dute beste urte batez, Ataungo herrian barrena ibiliko bai dira irudirik onenen bila. Ohi modura egunean bertan 09:00etatik 10:00etara izena eman beharko du udaletxean rallyan parte hartu nahi duenak, 5 euro ordainduta.
Argazkiak ezingo dira sakelako telefonoarekin atera, kamera bat erabiltzea nahitaezkoa izango da eta goizean zehar argazkiak atera ondoren, eguerdiko 13:30etik 14:30erako tartean aurkeztu beharko dituzte memoria txartelak. Norberak aukeraturiko 36 argazki entregatu beharko dira txartel horietan, eta ezin izango dira manipulatu.