Otsotarrak elkarteak 5. urtez antolatu du Natur Zikloa Ataunen, ingurumenarekin lortura zuzena duten gai ezberdinak jorratu ahal izateko. Larrialdi klimatikoa, krisi ekosoziala eta biodibertsitatearen galera landuko diren edizio honetarako, solasaldiak, antzerkia, auzo-lana eta beste zenbait jarduera antolatu dituzte irailetik urrira bitarte.
Hauek dira 2024ko V. Ataungo Natur Zikloaren hitzorduak:
- Irailak 21, 17:30ean, San Martin auzoko plazan: ‘Batetik Bestera’ antzezlana. Hiru urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutako umorezko antzerkia. Giza migrazioei buruz hitz egingo dugu txorien migrazioen bidez. Umoretik helduko diogu galari txotxongiloen laguntzaz.
- Irailak 27, 17:30ean, Nazako berdegunean: ‘Zuhaitzekin solasean’ dantza emanaldia, ROUGE ELEAren eskutik. Ibilaldi bisual eta soinuduna, aire zirkua eta gogoeta sasi filosofikoak. Bakarka egiteko paseo batekin hasiko zara arte instalazioz atondu dugun bide batean zehar. Zure alde basatia eta inguratzen zaituen paisaia hizketan jarriko dira. Bidearen amaieran zuhaitz bat dago. Han itxarongo zaitugu solasaldi batean tematzeko, elkarrizketa poetiko eta absurdoa saiatzeko.
- Irailak 27, 20:00etan, Aitzarri elkartean: Bertso afaria Maialen Julanbio eta Eli Pagolarekin. Gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre arituko da. Natur zikloan lantzen ditugun gaien bueltan arituko dira protagonistak. Afaltzeko, nola ez, inguruko nekazari eta abeltzainen produktuekin osatutako menu bat dastatuko dugu. Izen-ematea online argitaratutako galdetegi baten bitartez egin beharko da.
- Urriak 6, herrigunean eta mendian: Auzolana. Udalak antolatuko duen auzolanean parte hartzeko deia egiten diegu helduei eta gaztetxoei. Mendiko hondakindegi bat lehengoratzeko aukera izango dugu. Ekintza zehatza eta izen-ematea Udalak zehaztuko du irailean zehar.
- Urriak 10, 18:30ean, San Gregorioko Artadi elkartean: ‘Iraunkortasuna eta feminismoa’ solasaldia Mirene Begiristain eta Nora Salbotxen eskutik. Ze ekarpen egiten dio feminismoak ekologismoari? Eta, alderantziz? Izan al daiteke feminista ekologista izan gabe? Eta, ekologista, feminista izan gabe?
- Urriak 17, 18:30ean, Udalaren pleno aretoan: ‘Krisi energetikoa’ solasaldia Alvaro Campos EHUko irakasle eta Ingeniaritza Energetikoko Departamentuko kidearen eskutik. Neurrigabeko energia eta materialen kontsumoak mundu mailan ingurumen nahiz gizarte arazo larriak eragin ditu. Energiaren gaia ardatz hartuta, egungo testuinguruaren arazoei aurre egiteko aukeren inguruko hausnarketa egingo da.
- Urriak 23, 18:30ean, Udalaren pleno aretoan: Liburu aurkezpena Josebe Blanco artzain eta idazlearen eskutik. Eguneroko bat idatzi du Josebek, bertan artzaintzaren bueltan eta gizartearen bestelako aferen bueltan hausnartzen du. Agroekologiak garrantzi berezia dauka liburu honetan Elikadurak, kontsumoak eta orokorrean gizartean dugun erritmoak gure bizitzan duen eraginaz hausnartzeko saioa burutuko dugu.
- Urriak 26, 09:00etan, Aiako plazan: Mendi ibilaldia: Paleolito garaitik gaur egun arteko Ataun irudikatzeko saiakera egingo dugu. Klima aldaketa ugari bizi izan ditugu azken milurteetan, eta honek landareak eta animaliak zeharo aldatu ditu. Ibilbidearen azken txanpan etorkizunean izan ditzakegun eszenatoki ezberdinei erreparatuko diegu. Familiei zuzenduriko ekintza izango da.