Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bigarren urtez jarri du martxan ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpaina, euskaraz dakiten baina aurreiritzien ondorioz sarritan erdaraz tratatzen diren merkatariei eta ostalariei ikusgarritasuna emateko.
Lehen edizioa 2023ko azaroan egin zen, haur eta nerabe euskaldunen bidez euskaldun arrazializatuei buruzko aurreiritziak apurtzea helburu zuela. Kanpainak harrera ona izan zuen sare sozialetan eta hedabideetan, eta orduan hainbat udalek UEMAri herrietako ostalarien eta merkatarien egoeraren inguruko kezka helarazi zioten. Horren ondorioz, aurten kolektibo hori izango da protagonistetako bat.
Parte hartuko duten herriak eta baliabideak
Kanpaina honen baitan, Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak izango dira aurpegia emango dutenak. UEMAk kartelak eta diptikoak prestatu ditu udalerri euskaldunetan zabaltzeko, eta sare sozialetarako eduki espezifikoak ere landu dituzte.
Horrez gain, bideo sorta bat kaleratuko da, lehenik kanpaina aurkezteko bideo orokor bat, eta ondoren, parte hartzen duten tabernari eta merkatarien bideoak egunez egun zabaltzen joango dira. Helburua euskararen normalizazioa bultzatzea da, herritarrei gogoraraziz euskaldunak askotariko jatorrietakoak izan daitezkeela.
Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan
Egitasmo honen oinarrian ‘Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’ proiektua dago, UEMAk HUHEZIrekin eta herri ezberdinetako eragileekin batera garatua. Zaldibian abiatu zen lehen aldiz, eta ordutik 29 herritara zabaldu da.
Herrietan aurreiritziak indartsu dirauten arren, kanpainaren mezua argia da: «Euskarak kolore asko ditu, eta pertsona baten azalaren koloreak ez du euskalduntasuna baldintzatzen». Izan ere, hainbat merkatarik eta ostalarik euskaraz hitz egiteko gaitasuna izan arren, askotan herritarrek zuzenean erdaraz egiten diete.
UEMAk eta parte hartzen duten udalek euskarazko harremanak bultzatzea eta gizartean dauden aurreiritziak apurtzea dute helburu ekimen honekin. Kanpainak herritarren arreta piztea eta hizkuntza-ohituretan aldaketa bat sustatzea espero du, udalerri euskaldunetan euskarak egunerokoan lehen hitza izaten jarrai dezan.