Segurako Historia Oroituz elkarteak sortutako ‘Orreagatik iragan hurbilera’ herri antzerkia Ataungo Herri Antzokian izango da ikusgai martxoaren 1ean, larunbata, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, eta antzezlanaren bidez, Orreagako gudua gogora ekarri nahi dute, iraganetik abiatuta gaur egungo egoerarekin lotuz.
Antzezlanean Segurako 21 lagunek parte hartuko dute, gazte zein heldu, eta jada hainbat herritan aurkeztu dute. 2022ko urrian Seguran estreinatu zen, eta ordutik aurrera arrakasta izan du hainbat lekutan. Herri antzerkia Nabarralde Fundazioaren eta Ataungo Udalaren laguntzarekin ekarriko dute Ataunera.
Historia eta antzerkia uztartzen dituen obra honetan, ikusleek zortzigarren eta bederatzigarren mendeetako gertaeretara bidaiatzeko aukera izango dute, iraganeko pasarteak gaur egungo ikuspegitik interpretatuz.