Barandiaran museoak eta Ataungo Udalak elkarlanean sortutako “Jentilen mundua, erronka mitologikoa” jolasa jada erabilgarri dago. Aste Santuko oporretan museoa edo San Gregorio auzoa bisitatu dutenek, lan berri hau ezagutu eta esperimentatu ahal izan dute dagoeneko, eta aurrerantzean ere aukera hori zabalik egongo da herritar eta bisitari guztientzat.
Familientzat, taldeentzat eta norbanakoentzat
Jolasa edozein bisitarirentzat egokituta dago: taldeetan zein bakarka parte hartu daiteke, eta bereziki familientzako jarduera erakargarri gisa aurkeztu dute. Mitologiaren mundura hurbiltzeko modu dibertigarri eta parte-hartzailea da, eta Barandiaran museoak eskaintzen duen edukia beste era batez bizitzeko aukera ematen du.
Museoa itxita dagoenean ere, jolasari eutsi
Museoa irekita ez dagoen orduetan ere, San Gregorio auzoan jarritako panel bereziei esker, jolasaren zatirik handiena egin ahal izango da. Horrela, Ataungo mitologiaren ondarea denbora eta ordutegien mugarik gabe ezagutu daiteke.
Herriaren kultura ondarean murgiltzeko aukera
Barandiaran museoko arduradunen esanetan, jolasaren helburua jentilen inguruko istorioak eta euskal mitologia modu ludikoan zabaltzea: «Herriko historia eta sinboloak beste begirada batekin erakutsi nahi ditugu, parte-hartzea sustatuz eta belaunaldi ezberdinentzat erakargarri eginez».
Jolasa egiteko interesa dutenek Barandiaran museora jo dezakete informazio gehiago eskuratzeko, eta baita San Gregorion kokatutako panelak arakatu ere, abentura mitologikoa bizitzeko prest dauden guztientzat.