Kazetari eta aurkezle lanetan ari den Aitziber Grados Muñoa izango da Ataun Irratiko ‘Bide Ertzean’ irratsaioaren protagonista larunbat honetan, maiatzaren 24an. Elkarrizketa 11:00etan hasiko da, eta Ioar Aizpurua, Leire Perlines eta Ane Murua izango ditu solaskide.
Hedabide ezberdinetan ibilbide sendoa
Altsasuar gaztea hainbat komunikabidetan ikusi eta entzun ahal izan dugu azken urteetan. Gaur egun, Malen Altunarekin batera aurkezten du ‘Benetan Zabiz?’ podcasta Gaztea Irratian. Horrez gain, ‘Argizaiola’ saioa gidatu du Mikel Pagadizabalekin Primeran plataforman, eta egun, ETB1eko ‘Linbo’ saioko aurkezle ere bada, ostegunetan igortzen dena.
Gradosek gaztetasunetik eta umoretik eraiki du bere ibilbide profesionala, eta estilo hori nabarmen izango da larunbateko irratsaioan ere.
Hiru modu saioa jarraitzeko
‘Bide Ertzean’ saioa zuzenean jarraitu ahal izango da Ataun Irratiaren 107.2 FM frekuentzian, baita ataunirratia.eus webgunearen bidez eta ohiko plataforma digitaletan ere. Saioa amaitu ostean, elkarrizketa osorik eskuragarri egongo da ‘Nahibezala’ atarian eta podcast plataforma nagusietan.