Ataungo Udalak herritarren eskura jarriko ditu baratza ekologikoak ekainean, eta lehen pausoa informazio bilera irekia izango da maiatzaren 27an, asteartea, arratsaldeko 18:30ean Udaletxeko Areto Nagusian.
Herritarrentzako aukera berria
Ekimen honen bidez, Arrondon kokatuko diren baratza ekologikoak ekainetik aurrera erabilgarri egongo dira. Proiektua herritarren artean elikadura osasungarriaren eta ingurumenarekiko errespetuzko praktiken aldeko interesa pizteko asmoz sortu da.
Udaletik jakinarazi dutenez, «baratzaren erabilera arauak eta funtzionamendua azaltzeko asmoz egingo da bilera, eta interesa duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute».
Informazioa eta izen-emateak bileran bertan
Bilera euskaraz egingo da, baina euskaraz ez dakitenentzat ere informazioa jasotzeko modua bermatuko da. Gainera, bertaratzen direnek izena emateko aukera izango dute, eta horren bidez antolatuko da hurrengo urratsa: baratza bakoitza nori esleitu erabakitzea.
Udalak interesa duen edonor animatu du gerturatzera, «auzolanetik eta herrigintzatik abiatuta, ingurumenarekin konprometitutako udalerri bizia eraikitzeko aukera bikaina baita».