Ataungo Udalak etxerako baratze ekologikoen erabilerarako 2025eko deialdi publikoa jarri du abian. Udalaren helburua da herritarrei lur-zatiak eskuratzeko aukera ematea, aisialdi aktiboa, nekazaritza ekologikoa eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko.
Baratze ekologikoek dituzten onurak
Ataunen baratzeek tradizio luzea dute, bai baserritarren zein kaletarren artean. Udalaren esanetan, «baratzeek osasunerako onurak dituzte eta gizartean bizikidetza sustatzeko espazioak bihurtzen dira». Gainera, ingurumenarekiko errespetua, energia berriztagarrien erabilera eta biodibertsitatearen zaintza ere bultzatzen dira ekimen honen bidez.
28 partzela herritarren eskura
Aurtengo deialdian guztira 28 lursail jarriko dira eskura. Gainera, mugikortasun arazoak dituztenentzat bi bankal berezi prestatu dira; horretarako, eskaera-orrian berariaz adierazi beharko da premia hori.
Baldintzak eta izen-ematea
Partzela bat eskuratzeko interesa dutenek baldintza batzuk bete beharko dituzte: adinez nagusia izatea, Ataunen erroldatuta egotea azken sei hilabeteetan gutxienez, eta zerga-betebeharrak egunean izatea, besteak beste.
Interesdunek eskaera-orri bat bete beharko dute, Ataungo Udaleko bulegoetan edo udalaren egoitza elektronikoan aurkezteko. Inprimakia eta informazio osoa www.ataun.eus webgunean daude eskuragarri.
Epeak eta prozedura
Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 10ean amaituko da. Ondoren, ekainaren 11n egingo da zozketa, arratsaldeko 7etan, aurkeztutako eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen artean. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta erreklamazio epea igarota, behin betiko onartutakoen zerrenda osatuko da.
Partzela esleitua dutenek 50 euroko fidantza jarri beharko dute emakida formalizatzeko, eta baimena lau urterako izango da, gehienez sei urtera luzatzeko aukerarekin.
Informazio gehiago
Udalak informazio gehiago eskaini du 943 180 011 telefono zenbakian eta udalaren webgunean.