Udaberria heltzearekin batera, etxeen barrualdea berritzeko gogoak pizten dira. Azken urteotan, espazio ireki, funtzional eta estetika naturala duen etxebizitza baten aldeko apustua zabaldu da. Telelanaren gorakadak eta eguneroko bizimoduaren aldaketek egokitutako espazioak eskatzen dituzte, zabalak ez ezik, egoki antolatuak eta emozionalki erosoak ere badirenak.
Argi naturala, koloreak eta materialak: atmosferaren giltzak
Diseinu berriek argi naturalaren aprobetxamendua lehenesten dute. Leiho handiagoak, kristalezko ateak edota sabaiko argi-zuloek eguneroko argitasuna eta bizitasuna ematen diete barrualdeei. Horri kolore neutro eta argiak gehitzen bazaizkio –zuriak edo pastel tonuak, adibidez–, etxeak aire garbi eta zabalagoz janzten dira.
Materialei dagokienez, natura iturri da berriro ere. Zura, lihoa, artisau-zeramika edo zuntza bezalako osagaiek testura eta hurbiltasuna ematen dute. Artisautza pieza eta objektu zaharberrituek berriz, espazioari nortasun propioa erants dezakete.
Espazio irekiak, funtzionaltasunaren mesedetan
Banaketa irekia geroz eta ohikoagoa da etxebizitza berrietan: sukaldea, jangela eta egongela espazio bakarrean elkartzea gero eta gehiago baloratzen da. Horri esker, bizikidetza errazten da, eta espazioaren erabilera malguagoa eta integratuagoa bihurtzen da.
Etxe osoan giro atsegina sortzeko, altzari arinak eta funtzionalak dira gakoetako bat. Egitura arineko piezek –ikusmen-zarata saihestuz– arintasuna ekartzen dute, eta biltegiratze-soluzio berritzaileek (besaulki biltegidunak, ate labaingarriak…) lekua irabazten laguntzen dute.
Estetika emozionala eta orekatua
Teknologia etxeetan gero eta presenteagoa bada ere, joera nagusia integratzeko modu sotil eta diskretua da. Abegikortasuna, memoria emozionala eta estetika pertsonala indartzen dituzten espazioek ongizate mentala eta lasaitasuna ekar ditzakete.
Eitzen estudio donostiarrak –arkitekto, ingeniari eta diseinatzaileek osatua– nabarmendu du espazioen antolaketak pertsonen osasun mentalean eragin zuzena duela. Haien esanetan, «argitasuna, ordena eta material egokien erabilera» ezinbestekoak dira etxe osasungarriak eta atseginak sortzeko.
Hala ere, haien aburuz, estrategia guzti hauek ezin dira familia guztien kasuan berdin aplikatu: «Bizi baldintzek eta etxebizitzaren ezaugarriek baldintzatu egiten dute zer neurri hartu daitekeen. Horregatik, ezin da ahaztu baldintza prekarioetan bizi diren familiek, askotan, ez dutela aukera izango joera hauek bere egitekoa».
Gogoan hartzeko aholku nagusiak
- Argia indartzeko: ispiluak puntu estrategikoetan jartzea eta sabaitik zorurainoko gortinak erabiliz ikusmen-espazioa handitzea.
- Koloreek duten eragina: kolore argiak zabaltasuna iradokitzen dute; pareta eta sabaien bateratze kromatikoak jarraitasun sentsazioa sortzen du.
- Mugak lausotzea: barneko eta kanpoko espazioen arteko trantsizio leunak eginez (material edo kolore berdintsuak erabiliz), etxea zabalagoa dirudi.
Udaberria etxea berrikusteko sasoi aproposa da, eta diseinuaren bidez ongizatea sustatzea posible da. Ez da espazioak handitzea soilik; horiek hobeto bizitzea da helburua.