Maiatzaren 14an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak Enirio-Aralar Lurraldea Antolatzeko Plan Orokorra sinatu zuten (2025-2035 aldirako). Akordio horren inguruan kezka eta kritikak plazaratu dituzte Aralar Bizirik Plataformak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak, hedabideetara bidalitako oharrean.
Biek ala biek salatu dute EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek «eztabaidarik eta herritarren parte-hartzerik gabe» erabaki dutela akordioa sinatzea. Horregatik, erakundeei eskatu diete dokumentu osoa herritarrei ezagutarazteko eta udalerri bakoitzean eztabaida publikoak egiteko aukera zabaltzeko.
Natur kontserbazioaren aurkako urratsak
Elkarteek gogorarazi dute Enirio-Aralar Aralarko Parke Naturalaren barruan dagoela, eta akordio berriak Parke Naturalaren printzipioen kontrako norabidea hartzen duela: «abeltzaintzak natur kontserbazioaren gainetik izango du lehentasuna». Horrekin batera, planaren edukiek ez dutela «ez berme zientifikorik, ezta juridikorik ere» azpimarratu dute, eta gaur egun indarrean dagoen sistema «sendo eta fidagarria» baztertzen dela.
Lurraren kudeaketa eredua ere jopuntuan
Era berean, ohartarazi dute Enirio-Aralar ezin dela landa eremu soil baten moduan kudeatu. Hala, larratze-aldiak luzatzeko asmoa kritikatu dute, eta, bide batez, «sastrakak erretzea eta herbiziden erabilera bultzatzea» naturaren kontserbazioaren aurkako praktika kaltegarritzat jo dute: «natura zaintzea ez da bizidunak erretzea eta pozoitzea», nabarmendu dute.
Pista berrien eraikuntza: artifizializazioa eta kutsadura
Akordioan aurreikusita dauden Arritzaga, Elutseta eta Pagabera inguruko hiru pista berriak ere kritikatu dituzte, mendiaren artifizializazioa eta ingurumen kutsadura ekarriko dituztelakoan.
Mankomunitatearen funtzionamendu demokratikoari ere eragiten diola diote
Aralar Bizirik eta Landarlanek uste dute hitzarmen hau aurrera eramanez gero «atzerapauso handia» izango dela bai ingurumenaren babeserako, bai Enirio-Aralar Mankomunitatearen funtzionamendu demokratikoan. Horregatik, herritarrei dei egin diete akordioa onartzeari uko egitera eta euren herrietako ordezkari politikoengana jotzera, akordioa geldiaraz dezaten.