Udazkena heldu orduko, Ataungo kaleek antzerkiaren taupadak hartuko dituzte berriz ere. Urtero bezala, Antzeztaun izeneko antzerki zikloa bueltan da, eta 2025eko urriaren 16tik 24ra bitartean emanaldi ugariz gozatzeko aukera izango da herrian zehar.
Bost emakume, bi hilotz eta mirari bat
Lorena Arangoa eta Aintzane Baletzenaren eskutik iritsiko da “Milagros eta Valentina” izeneko antzezlana, urriaren 16an, 19:00etan, Troskaeta tabernan. Elkar ezagutzen ez duten bi emakume plaza berean topo egiten dute, bakoitza bere hildako senarraren errautsak bota nahian. Batak esan, bestearen harridura… eta hortik aurrera, istorio hunkigarri eta umoretsu bat.
Umorea, fantasia eta mezua eskutik
Zirko Txoskoren proposamena ere ez da nolanahikoa: “Tavole”, urriaren 17an, 16:30ean, Joxemiel Barandiaran eskolan. Bi pertsonaia xelebrek errealitate eta fantasiaz beteriko egoerak biziko dituzte, eta ikusleei mezua argi helaraziko diete: «gizarteko erronkei aurre egiteko, elkarbizitza eta elkarlana dira bide bakarrak».
Bidai literario eta mitologikoa
Urriaren 19an, igandea, 17:00etan, Aiako Erroiopen, Larraitz Urruzola izango da taula gainean, bere “Joan-etorriko istorioak” lanarekin. Euskal Herriko eta Galiziako istorioak oinarri hartuta, ikus-entzuleak ibilbide emozional batean murgilduko ditu, herri ipuinen eta Rosalia de Castroren poemekin bat eginda, bi kultura-eremuetako tradizioen inguruko hausnarketa eginez.
Erruaren aurpegi ezberdinak
Antzerki zikloari amaiera emateko, urriaren 24an, 22:00etan, Herri Antzokian taularatuko da “Olagarrua”, Maitane Perez, Nerea Arriola eta Olatz Beobideren eskutik. Hiru emakume, bihotz ugari, eta erru baten metafora gisa agertzen den olagarro erraldoia. Helburua? Erru kolektiboa azaleratu eta garbitzea, gorputz, plazer eta fantasia bidez. Ausarta, bortitza eta askatzailea.
Familian edo heldu giroan, euskaraz eta doan
Ikuskizun guztiak euskaraz izango dira, eta programak publiko guztiarentzat proposamenak eskaintzen ditu. Ohar gisa, “Olagarrua” helduentzat zuzenduta dagoela jakinarazi da.
Antzeztaunek berriz erakusten dute antzerkia ez dela soilik oholtza baten gainean gertatzen dena, herriko plazetan, tabernetan, eskoletan eta antzokietan ere bizitzen dela.