Joan zen igandeko auzolan deialdi berriak herritarren konpromisoa eta lankidetza gogora ekarri zituen. Guztira 30 lagunek parte hartu zuten jardunaldian, lan-talde bi osatuz: herrigunekoak eta mendikoak.
Eskola biziberritzeko lanak
Herriguneko taldeak Ataungo eskolan jardun zuen. 18 auzokide inguru aritu ziren bertan, espazioak txukuntzeko lanetan. Batetik, sarrerako baranda lixatu eta margotu zuten; bestetik, eskolako hiru hare-tokien mantentze-lanak burutu zituzten, lehendik zegoen hondarra kendu eta berria gehituz. Herriko haurrek espazio egokiago eta seguruago bat izango dute hemendik aurrera jolasteko.
Meategiak eta leizeak garbitzen, natura errespetuz
Mendiko taldeak Iturrioz baserri ondoko Askaetako meategian eta leizean egin zituen garbiketa lanak. Don Juan Txikik katalogatutako bi barrunbe horiek biziberritzeko ahalegina egin zuten, baina lanak ez ziren errazak izan. Leizean amiantoa aurkitu zuten, eta, segurtasuna lehentasunez hartuta, garbiketa bertan behera uztea erabaki zuten.
Meategian, berriz, urteetan pilatutako zabor ugari atera zuten, etxetresna elektrikoetatik hasi eta ontzi eta botiletaraino. Hala ere, pilaketa handia dela-eta, garbiketa osoa bukatu gabe geratu da, eta lanak hurrengo auzolan baterako utzi dituzte.
Udako deialdia jada begiz jota
Udaletik eskerrak eman dizkiete auzolanean parte hartu zuten guztiei, eta aurreratu dute udan egingo den hurrengo auzolanerako deialdia. «Ziur gaude herritarren parte hartzea handiagoa izango dela», adierazi dute.
Auzolanaren balioa beste behin agerian geratu da Ataunen: komunitateak elkarrekin egindako ekarpen txikiek herri oso baten ongizatea hobetzen dute.



